
Afari Kultur Anitzean espero baino jende gehiago izan da
Zestoa 80 lagunentzako afaria prestatu zuten, baina uste baino herritar gehiago bildu zenez, jatekoa ez zen denentzat iritsi
aiora larrañaga
Pasa den larunbatean ospatu zuten herriko kultura desberdinek elkar ezagutzea helburu zuen jaialdi gastronomikoa. Herritar ugari bildu zen kulturen festan eta kaleratu zituzten txartel guztiak ziztu bizian saldu zirela adierazi dute antolatzaileek: «80 atera genituen eta denak saldu ziren. Jendea txartelak erostera etorri zenean, gehiago ez zegoela esan behar izan genien».
«Egundoko arrakasta»
Antolatzaileek esan dutenez, larunbateko afariak «egundoko arrakasta» izan zuen: «Giro ederra izan zen bertan bildu ginenen artean eta jendeak oso ongi pasatu zuen. Gainera, eguraldiak ere lagundu zuen». Janariak oso harrera ona izan zuela ere azaldu dute: «Marokoko Fatimak prestatutako arkumeak hegan egin zuen, baita brasildarrek caipirinha egiteko erabili zituzten 16 kilo limek ere. Venezuelako Joselinek hasiera batean 160 bat arepa egiteko asmoa zuen eta azkenean 300 arepatik gora egin zituen...».
80 lagunentzako afaria
Dena den, larunbateko festak izan zuen bere alderdi gazi-gozoa ere. Alde batetik, antolatzaileek afarian zenbat lagun bilduko ziren ez zekitenez, 80 pertsonentzako afaria prestatu zuten, baina espero baino herritar gehiago hurbildu zen: «Oso gogorra izan zen afarian parte hartu nahi zutenei txartelik ez zegoela esatea. Baina ondo antolatzeko ez zegoen beste modurik. Jatekoa 80 lagunentzat aurreikusita zegoen eta 100entzat moldatu izan bagenu, batetik jateko gutxiago egongo zen eta bestetik ilarak ere luzeagoak izango ziren». Antolatzaileen arabera, «aurtengo arrakasta ikusita, datorren urtean gehiagorentzat prestatzea aurreikusiko» dute. «Baina antolaketa txukun baterako behar beharrezkoa da jendeak txartelak garaiz erostea. Azken mementuan erosiz gero, ez baitugu inoiz asmatuko».
Horretaz gain, herrian bizi diren beste etorkin batzuk ere azaldu ziren festara eta antolatzaileei eurekin harremanetan ez zirela jarri adierazi zieten. «Arrazoi guztia zuten, barkamena eskatu genien eta aurtengoa behin-behinekoa izan dela azaldu ere bai. Telefono zenbakia eskatu eta ahaztu gabe, datorren urteko jaialdian parte hartzeko deituko geniela hitza eman genien».
Egitasmoaren arrakasta parte hartu zuten guztiena dela azaldu dute antolatzaileek, beraz eskerrak eman nahi izan dizkiete jaialdia egitea ahalbidetu zuten denei eta baita bertan bildu ziren herritar guztiei ere.
Irteera
Parrokiara bisita gidatua
AZPEITIA, Parrokia - 2008-08-29
Erakusketa
'Zuloagaren inguruan'
ZUMAIA, Laia aretoan - 2008-07-25
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.