
ekain bezain ederra
Zestoa Haitzuloan sartu zirenek sumatu zuten magia nork bere larruan sentitzeko aukera izango dute irailetik Ekainberrira hurbiltzen direnek
aiora larrañaga
Kazetariak izan dira lehenenak Ekaingo kobazuloko erreplika bisitatzen, Ekainberri ezagutzen. Estreinakoz, haitzuloko labar pinturen erreprodukzioak dagokien tokian ikusi ahal izan zituzten astelehenean, Ekainberrin bertan.
Hala, hainbeste urtetan herritarren ahotan ibili den proiektua, azkenean errealitate bihurtu dela egiaztatu zuten. Ekainberri irekitzeko eguna gero eta gertuago dagoela antzematen da. Fundazioko arduradunek adierazi zutenez, ziurra da hurrengo irailean inauguratzea, baina hala ere ez zuten datarik zehaztu nahi izan.
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak Ekainberriko lanen egoeraren berri eman zuten asteleheneko bisitan, Zestoako, Aiako eta Debako udaletako ordezkariekin batera, eta bide batez, Ekain, Altxerri eta Santimamiñe gizateriaren ondare izendatu izana ospatu zuten.
Sentsazioetan oinarritua
Erreplikara sartutakoan, tunel ilun batek eramaten du bisitaria kobazuloko areto nagusira. Tenperatura aldaketa da antzematen den lehen sentsazioa eta, jarraian, ibilbidea zehazten duen igarobidetik paseatzen ari den heinean, kobazuloko txokoek eta margolanek milaka urte atzera eramaten dute bisitaria, denboran zehar egindako bidaia bailitzan.
Bisitariak Ekainberrira sartzen denean sentsazio berri ugari bizitzen ditu. Horregatik, bi itzuli egiten dira erreplikaren barruko zirkuituan: lehenengoa, sentsazioetan oinaritzen dena, oraindik Ekainez ezer ez dakienean egindakoa; eta, bigarrengoan, berriz, ezagutzan murgiltzen da.
Lehenengo itzulian isiltasunean egin behar da, lekuak eragiten dituen sentimenduak sumatzea baita helburua. Haitzulo bateko ohiko tenperaturak, uraren soinuak eta kobazuloko txoko ikusgarriek Ekaingo kobazuloan dagoela sentiarazten dio bisitariari, benetakoan.
Bigarren itzulian, ezagutza
Bigarren itzulia, berriz, ezagutzan oinarritzen da eta gidari baten azalpenek nahiz panelek lagunduko diote bisitariari haitzuloko artelanak egin zituzten artistak hobeto ezagutzen.
Erreplikaz gain, beste bi areto ere baditu Ekainberrik. Lehenengoan, Ekain eta Altxerri kobazuloetako informazioa eskaintzen da ikus-entzunezko euskarrietan. Bestea, berriz, tailerren gunea da eta, bertan, ikastetxeetatik joaten diren taldeek jolasen eta ariketen bidez Paleolito garaiari buruz gehiago ikasteko aukera dute.
Ingurua, ezinbestekoa
Eraikinaz gain, inguruaren edertasuna ere garrantzitsua da Ekainberriren kasuan.
Zestoatik oinez erreplikara hurbiltzen den heinean, bisitariari gogora datorkio Paleolito garaian bizi zirenen irudia. Bailarako zelaietan eta mendietan barrena erreka ondotik haitzulora iristeko egiten zuten ibilbidea, adibidez, magikoa da. Horregatik, erreplika bere inguruarekin batera ulertzea ezinbestekoa dela uste du Fundazioak. Gainera, bertara ezin da kotxez iritsi eta, hori dela eta, aparkalekua Zestoan egokitu dute arduradunek. Herria zeharkatu, zubia igaro eta erreka ondotik oinez, zuhaitz artean eta uraren hotsak girotuta, kilometro inguru ibili behar da Ekainberrira iristeko.
############
Jesus altunak indusketa lanak egingo ditu ekainen
Urte asko dira azkenekoz Ekaingo haitzuloan indusketa lanak egin zirela. Horregatik, eta labarretako artistaren bizimoduari buruz gehigo jakiteko asmoz, irailetik aurrera haitzuloko 12 metro koadroko gune batean indusketa kanpaina hasiko du Jesus Altunak.
Aurreko saioetan ahuntz, orein eta zaldi banaren irudiak zituen plaketaren zatiak aurkitu zituzten. Oraingoan, horren gainerako zatiak aurkitzea espero dute.
############
############
kronologia
1969an aurkitu zuten Ekain Azpeitiko Antxieta Kultur Taldeko bi kidek: Andoni Albizuri Katxo-k eta Rafael Rezabalek.
1996an. Zestoako Udalak Ekainberri proiektua jarri zuen abian, baina oso makal zihoan aurrera.
2004ko azaroan. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zestoako Udalak Ekain fundazioa eratu zuten. Bultzada handia izan zen hori proiektuarentzat, diru sarrera garrantzitsuak jaso baitzituen bi erakunde horiei esker.
2006ko ekaina. Ekainberrira joateko bidea txukuntzeko lanak egiten hasi ziren.
2006ko iraila. Proiektua bukatzeko diru laguntza ematea onartu zuen Eusko Jaurlaritzak.
2007an eta 2008an zehar, Ekainberri inauguratzeko data ugari jarri zituzten. Orain, berriz, 2008ko irailean inauguratuko dutela adierazi du Fundazioak.
############
############
Irailaren erdialdean inauguratuko dute, nahiz eta data zehazteke egon
Kultura Aiako alkateak jada eskatu duela aitortu arren, Foru Aldundiak ez du Altxerriren erreplikarik egingo agintaldi honetan
a. Mutiozabal
Hasiera batean ekainean inaguratzekoak ziren Ekainberri. Leloa ere pentsatuta zeukaten, antza: Ekainean Ekain, alegia. Baina aurreikusitako ekitaldia atzeratu egin behar izan dute, erreplikari erabat bukatuta egoteko xehetasun batzuk falta zaizkiolako. Inaugurazioaren data zehazteke dagoen arren, irailaren erdialdean izango dela aurreratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu Maria Jesus Aranburuk. Hala, ireki arte komunikabideentzako bisitarik antolatzeko asmorik ez bazuten ere, «Unescoren izendapenarekin egitasmoa aurreratu egin dugu».
80.000 bisitari baino gehiago
«Aspaldiko ideia bat egi bihurtzekotan da. Nahiz eta gorabehera luzeak izan dituen, zabaltzeko ia-ia prest dago. Hau Ekainberri da eta bertan Ekain erakusten da», adierazi zuen Aranburuk. Ekainberrik urtero 80.000 bisitari izango dituela aurreikusten zuten hasieran, baina izendapenari esker, «akaso orain gehiago izango» direla aditzera eman zuen honek.
Izendapena erreplika irekitzekotan direnean iristea «kasualitatzat» jo zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Miren Azkaratek: «Egia esan, ez zegoen aldez aurretik pentsatua. Hala ere, duela 10 urte baino gehiago ekin genion erreplikaren proiektu honi oso ondo etorriko zaio izendapena, besteak beste, jendeak Ekainen zati bat behintzat nolakoa den ezagutzeko aukera izango duelako».
Bisitariek kobazuloaren benetako «giroarekin» eta «magiarekin» topo egingo duela gaineratu zuen Aranburuk; batik bat, labarretako margoak ikusterakoan. Bestalde, erreplikak eta kobazuloak ez ezik, inguruak erakargarritasun handia duela nabarmendu zuen: «Nik uste dut denok dakigula ingurumenak zer-nolako balioa duen. Zestoako Udalak plan berezia jarri zuen abian inguru hau zaintzeko, eta egindako ahaleginagatik zoriondu nahi dut».
Altxerriri dagokionez, agintaldi honetarako behintzat ez dutela erreplika bat egiteko asmorik adierazi zuen Aranburuk. Edonola ere, «Altxerrik ere badu zabalkunderako premia eta Aiako alkatea ideia proposatzen hasi zaigu jada».
«Pozez beterik»
Bisitaren aitzakian, Kantauri Itsasertzeko kobazuloak Gizateriaren Ondare izendatu izana ospatu nahi izan zuten Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foro Aldundiak; izan ere, izendapen hori jaso dutenen artean daude Altxerri, Ekain eta Santimamiñe. «Pozez beterik gaude», azaldu zuen Aranburuk: «Lehenik eta behin Aiako, Debako eta Zestoako alkateak zoriondu nahi ditugu, beraien herrietako ondarea guztion eskura jarriko dutelako, bai gure gozamenerako bai kanpotik etorriko direnen gozamenerako. Gure ondareak duen balioaz konturatzeko balioko du eta, orain, gure mugak gainditu eta mundu zabalera harro erakutsi ahal izango dugu».
Bide batez, Aranzadiko eta Azpeitiko Antxieta arkeologia elkarteko kideak ekarri zituen gogora Maria Jesus Aranburuk, eta eskerrak eman zizkien. Izan ere, «horiek bilatu zituzten gaur Unescok Gizateriaren Ondare izendatu dituen bi kobazuloak: Ekain eta Altxerri».
«Irizpide zorrotzak»
Izendapena lortzeko egin behar izan den bidea ez dela «erraza» izan azaldu zuen Miren Azkaratek: «Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek duela 3 urte ekin genion xede horretara iristeko ahaleginari. Jakin bagenekien aitortza hori lortzea zaila izango zela, Unescok oso zorrotz jokatzen baitu, bereziki azken boladan. Urteak daramatza izendapen horiek eginez, eta hasieran eskuzabalagoak baziren ere, urteak aurrera egin ahala, irizpide zorrotzagoak jarri ditu».
Irizpide horiez gain, bestelako zailtasun batzuk ere izan dituztela nabarmendu du Azkaratek: «Duela 9 urtera arte, Espainiako Gobernuak bakarrik proposatzen zituen izendapen horretarako hautagaiak zeintzuk ziren, eta ordura arte ez zen Euskadiko hautagaitzarik aurkeztu. Harrezkero, Eusko Jaurlaritzatik jorratu izan dugu kontua, baina izendapena jasotzea gero eta zailagoa da. Lehenengoa Bizkaiko Zubi eskegia izan zen; orain, kobazuloena etorri da».
############
############
Hemeroteka
Ekain
Unescok gizateriaren ondare izendatu ditu Euskal Herriko hiru kobazulo. Hiruretan Paleolitoko gizakiak orain dela milaka urte pintatutako irudiak daude.
Zaila izango da Ekaingo kobazulora sartu nintzen lehendabiziko aldia ahaztea. Zulo estua ixten zuen burdinazko atea zeharkatuta pasabide luze samarra igaro behar izan genuen areto nagusira iritsi baino lehen. Bertan ikusi genituen lehendabiziko zaldi buruak eta arraina. Hala ere, ia 16.000 urte lehenago gizakiak zapaldu zuen lur bera zapaltzen ari ginela konturatzeak zirrara eragiten zidan.
Azkenean, zuloa zabaldu zen eta espazio handi samarraren aurrean lasai egoteko aukera izan genuen, lehen uneko nerbioak, kilika eta zerbait ukitzeko beldurra gainditu ondoren.
Han itxuraz panel nagusia edo irudi multzo handiena ikusi behar genituen. Hala ere, lehen begiradan ez genuen ezer ikusi, ez ilun zegoelako, irudiak toki berezi eta ezkutuan zeudelako baizik.
Ekain kobazulo txikia da, erraz ibiltzekoa eta forma naturalei dagokienez inpresio gutxikoa, bestetan dauden estalaktiten edo estalagmiten forma ederrak kontuan hartzen baditugu behintzat. Ekain isila dela esan daiteke.
Horregatik agian, irudiek eragin handia egiten dute. Ezker aldeko zaldi beltz handiek eta eskubi aldean ezkutuan dauden zaldi beltz eta gorri ederrek gure begibistatik ihes egin nahi dutela iruditzen zaigu. Erraza izango litzateke Ekaindik irtetea irudi bat bera ere ikusi gabe, gidariak ez balu linterna paretaren toki batzuetara bideratuko.
Azkenean, beste pasabide estuan makurtu ondoren barru-barruan zeuden irudiak ikusteko aukera izan genuen. Bi hartz zeuden zulo txiki batean, bat handia eta bestea txikia, batek burua du eta besteak ez. Paretaren ehundura latzak oso ondo irudikatzen du hartzaren ilaia, eta bi animalien norabideak ez du gure irudikapenaren logika jarraitzen.
Zerk bultzatuta pintatu zituen gizaki hark zaldi, bisonte, hartz, orein eta arrain irudiak udaberrian ehizarako erabiltzen zuten leizean? Galderari erantzuteko teoria asko bota dira, baina oraindik gaur egun ez dakigu zergati zehatza. Garrantzi handiko lana zela bai, eta guretzat artea denarekin antz gutxi izango zuela ere bai, baina Historiaurreko kobazulo hauek ondo gorde dute guregana gizaki haiengandik iritsi diren materialik ederrenak.
Ismael Manterola Ispizua. Berria (2008-07-12).
############
Idi probak
San Andres Saria
AZKOITIA, Gurea Udal Pilotalekuko probalekuan - 2008-12-02
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.