
Gutunak
Zestoako EAJri erantzuna
Oposizio eraikitzailea, guztiok adostutako herri proiektu bateratua, negoziaziorako prestutasuna.... Hori guztia ondo dago, baina zuen eguneroko praktika politikoari erreparatuz, hitz hutsak baino ez dira guretzat. Kritikatzea zilegi da, baita erantzutea ere.
Turismoa
Azken urte honetan, gure ustez, urrats garrantzitsuak eman dira Ekainberri proiektuaren inguruan: aparkalekuak egitea eta turismo dinamizatzailea kontratatzeko partida onartzea, batzuek nabarmentze aldera.
Eta ez diogu gure buruari dominarik ipini nahi, ez. Turismo bulegoa; erabilera anitzeko aretoa, emanaldiak eta erakusketak egiteko; Idiakaitz gunea txukuntzea eta babestea; toponimia azterketa, herriko mapa egokia izateko; seinaletika... Eta aurrera egin beharrean atzera egin dugula diozue.
Turismo bulegoa txikia den ala ez, eztabaidagarria izan daiteke, baina turismoari erantzuteko gaitasuna herri osoak izan beharko du, ez 40 metro koadrok, ezta? Bere garaian, plan batek ildo orokorrak jasotzen zituen, eta ondoren egindakoak ekintza zehatzak izan ziren. Plan estrategikoa? Ez zen egin, baina horiek exijitzen direnean, ordezkariek argi samar eduki beharko lukete zer nahi den, nondik norakoa markatzeko. Hori, ordea, zenbaitek ez zuten oso argi.
Ikuspegi ekonomikoa izatea ondo dago, baina gauza bat argi eduki beharko genuke: ondarea babestea eta hura zabaltzea dira helburu nagusiak, eta Ekainberri Ekain babestera dator. Plan estrategikoak ondo daude, baina saltzen den produktuan sinetsi egin behar da. Ekainberri bere ingurune eta guzti ulertu behar da, Idiakaitz barne. Bata onuragarria eta bestea oztopoa al dira?
Etxebizitza politika
Urte honetako balorazioa egiterakoan, autokritika ere egin genuen, etxebizitzen inguruko erronkari behar bezala ez erantzun izana alegia. Tasetan eta aurrekontuetan partida txiki bat jaso bada ere, lan handia dugu egiteko, egia da.
Agintaldia lau urtekoa da, ordea; eta lau urte udal gobernuan egon, eta euro bat bera ere bideratu ez zutenek politika honetara, orain alokairuaz eta partida hau handitzeaz hitz egiten digute. Irure Hoteleko proiektua gelditzea, eraikina botatzea eta «alokairua sustatzea da gure helburua» diozue.
Azpikontratazioa
Udalak lan baldintzetan eredugarria izan behar du, hori garbi daukagu. Aurrekontuetan, dakizuen bezala, udal langile bat hartzea proposatzen genuen azpikontrata bat ordezkatzeko. Zoritxarrez ezin izan dugu proposamen hau aurrera atera.
Kale garbiketari dagokionez, aurreko agintaldian, EAJ-EA udal koalizioak zerbitzu hau azpikontratatzeko erabakia hartu zuen. Zerbitzu hau enplegu publiko bidez garatzea da gure nahia, baina behin baino gehiagotan gogorarazi diguten bezala, akordioetara iristeko jarrera irekia izan behar omen dugu udal gobernuan gehiengo osorik gabe gaudenok.
Udal gestioari dagokionez, gure ardura ere bazen martxotik aurrera herriko kaleak garbi mantetzea. Erabaki hori ez hartzeak kolokan jarriko zukeen hau guztia. EAJ eta EA azpikontratatzearen aldekoak dira; ondorioz, bestelako neurriak hartzeko gehiengorik gabe aurkitzen gara. Gure proposamenak aurrera ateratzen utzi ez, ondoren kritikatzeko. Hau al da zuen jarrera eraikitzailea?
Bi aldeko biktimak
«Aurrekontuetan biktimei laguntzeko partida bat dago». Ez da egia. Udalak erabaki zuen, aho batez, dispertsioak eragiten dituen gastuen zati bat ordaintzen laguntzea. Beste eztabaida bat da zuek orain planteatzen duzuena. Komunikabideetan planteatu beharrean, proposamena zehaztu eta Udalean aurkeztu ezazue seriotasunez, ez erabili biktimak oposizioa egiteko; oso ankerra da.
Aurrekontuak onartzeko udalbatzarrean lehen aldiz eta modu nahasi batean boteprontoan botatako ideia bat izan zen. Partida handitu behar al da? Zeintzuk dira biktimak? Eusko Jaurlaritzak onartu duen legeak jasotzen al ditu laguntza hauek? Hitz egiteko prest gaude, baina ez hedabideetan.
Udal zorra
Oso ponpoxo gelditzen da zenbait partida EAJk bikoiztu eta hirukoiztu nahi dituela esatea, eta diru-sarrerak? Beste 200 etxebizitza egiteko lizentziak emango ditugu ekonomia «saneatzeko»? Bejondeizuela!
Gure urteko balorazioan, zenbait proiektu zirela eta, agintaldiaren amaieran izan zenuten arduragabekeria salatu genuen; alegia, herritarrei proiektuak saltzen haiek gauzatzen baino interes gehiago jarri zenutela (Arroa Beheko haurreskola, kiroldegiko lanak, anbulategia, bainuetxeko pasabidea). Gaur ere berretsi egiten dugu. Herriak dituen beharrei aurre egin beharrean, aurreko agintaldian EAJk egin zuen lana krititzen aritu garela esatea, gehiegitxo esatea da. Garrantzitsuak zarete, baina ez dagokizuen garrantzia ematen diezue zuen buruei.
Amaitzeko, gai hauen inguruan eztabaida publiko bat egitera gonbidatzen zaituztegu nahi duzuen egunean eta tokian, herritarrei argibideak eman asmoz
Alazne Olaizola alkatea eta Joseba Alberdi, Ainitze Urbieta, Kandido Aldalur eta Arrox Etxabe zinegotziak, Zestoako ezker abertzalearen izenean. Zestoa
Erakusketa
'Zuloagaren inguruan'
ZUMAIA, Laia aretoan - 2008-07-25
Erakusketa
Iņigo Manterolaren margolanak
ZARAUTZ, Kaia galeria - 2008-03-31
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.