Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Zestoa
2008ko abenduak 2, Asteartea

;2008-06-28;224 sinadurek babestuta, ezker abertzaleak 'mozio etikoen' auzia salatu du. Zestoa Ezker abertzalearen 5 botoei esker onartu da eurek aurkeztutako mozioa; EAJk ez du parte hartu bilkuran

224 sinadurek babestuta, ezker abertzaleak 'mozio etikoen' auzia salatu du

Zestoa Ezker abertzalearen 5 botoei esker onartu da eurek aurkeztutako mozioa; EAJk ez du parte hartu bilkuran

aiora larrañaga

Herenegun Zestoako areto nagusian egin zen ohiko udalbatzarrean, dimisio eskaerei eta zentsura mozioei buruz ezker abertzaleak aurkeztutako mozioa onartu zuten. Hori Alazne Olaizola, Kandido Aldalur, Joseba Alberdi, Arrox Etxabe eta Ainitze Urbieta udal hautetsiek aurkeztu zuten, 224 herritarren sinaduren babesarekin.

EAE eta EAko zinegotziak izan ziren bilkuran, EAJ udal taldea ez baitzen azaldu hitzordura. Horiez gain, ezker abertzalearen jarraitzaile ugari ere izan zen bertan, euren babesa eman nahi izan baitzioten aurkeztu zen mozioari. EAJ udal taldea bertan izan ez bazen ere, Joseba Alberdi alkateordeak irakurri zuen EAJ taldeak udalbatzarrera ez azaldu izana arrazoitzeko bidali zuen idatzia.

Egungo egoera politikoa

Zestoako alkate Alazne Olaizolak azaldu zituen mozioa aurkezteko arrazoiak: «Lehenik eta behin, garrantzitsua da esatea, EAE-ANVk Udalean eta, oro har, erakundeetan lan egiten badu, herritarrek hala erabaki zutelako dela. Ilegalizazio eraso eta traba guztien gainetik, ia 200.000 euskal herritarren babesa jaso genuen».

Egoera horren aurrean, euren esanetan ezker abertzalearen aurka aurkeztu daitezken zentsura mozio guztiak herritarren nahiaren eta borondatearen aurkakoak izango dira, «demokrazioaren kontrakoak erabat». Olaizolak adierazi zuenenez, «Madrilen ilegalizazio prozesuekin aurrera egiten ari diren bitartean, Euskal Herrian prozesu paraleloa abiatu nahian dabiltza».

Baina ezker abertzaleko hautetsien iritziz, «orain arte argi geratu da porrot egindako estrategiak direla, gatazka politikoaren konponbidetik aldentzen gaituztenak. Guztiek dakigu, hemen gakoa gatazka politiko eta armatua eragiten duten sustraietara jotzea dela eta bateko eta besteko gaitzespenek ez dutela arazoa konponduko».

EAren erantzuna

Juana Mari Astigarragak, EAko zinegotziak, ezezko botoa emateko arrazoiak azaldu zituen bere alderdiaren izenan. « Gu mozio horretan azaltzen diren puntu guztiekin ados gaude, baina motza geratzen zaigu. Gure ustez, dimisio eskaerak eta zentsura mozioak antzuak diren bezala, borroko armatua ere antzua da. Mozioan, ordea, gai horri buruz ez da ezer esaten». Denentzako giza eskubide guztiak onartuko balira eta borroka armatua gaitzetsiko balitz, mozioa onartuko lukeela esan zuen EAk.

EAJren iritzia

EAJren idatzia Joseba Alberdi EAEko zinegotziak irakurri zuen. «Mozio etikorik aurkeztu ez genuenez, ez gara gaur udalbatzarrera azaldu», esanez hasten zen EAJren idatzia. Euren iritziz, «EAEk gure herrian tentsio giroa sortu nahi du, mozio hau aurkeztuta». EAJren ustez, «ezin daiteke esan alde bateko gaitzespenak ez duela ezertarako balio, ezker abertzaleak udalbatzarrera alderdi bateko salaketa testuak ekartzen dituen bitartean».

Horren aurrean, Alazne Olaizolak argitu nahi izan zuen EAJk mozioa aurkeztu egin zuela, baina zinegotzi bat gaixo zegoela-eta atzera bota zutela, aurrerago sartzeko asmoz. EAJ udalbatzarrera ez azaltzea «errespetu falta» iruditzen zitzaion Joseba Alberdiri.

############

udal gobernuak 224 herritarren babesarekin aurkeztutako mozioa

Ez dute konponbidea ekarriko. «Udal honek uste du dimisio eskaerak eta zentsura mozioak eta, halaber, ezker abertzalea isolatzeko estrategia oro antzua dela gatazkaren konponbidera heltzeko».

Konponbidea. «Gatazka politikoa konpontzeko gakoa autodeterminazioaren eta lurraldetasunaren korapiloak askatzea dela iruditzen zaio Udal honi».

Autodeterminaziorako bidea. «Udal honek uste du euskal herritarrek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela, eta hori lehenbailehen eman dadin, urratsak eman behar direla. Espainiako nahiz Frantziako gobernuek Euskal Herriak erabaki duena errespetatu behar dute».

Aldaketa politikoa. «Udal honek bere esku dagoen guztia egingo duela euskal gizarteak eskatzen duen eta nahi duen benetako aldaketa politikoa gauzatu dadin».

Proiektu politiko guztiak ahalbidetuz. «Udal honek bere egiten du proiektu politiko guztiak aukera berdintasunean lehiatzeko duten eskuabidearen aitortza, eta hori bermatzeko bere eskura dauden bitartekoak jarriko ditu».

############

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.