
EAJk kritikatu egin du EAEko Udal Gobernuaren kudeaketa
Politika EAJren iritziz, EAE «herriak dituen beharrei aurre egin beharrean, aurreko agintaldian EAJk egin zuen lana kritikatzen aritu da» azken urtebetean
AIORA LARRAÑAGA
Herenegun Zestoako EAJ alderdiak prentsaurrekoa eman zuen batzokian. Bertan, udal taldeko bozeramaileak, Gorka Unanuek, azken urte honetan zehar Udalbatzak egindako bidea aztertu eta kritikatu egin. Unanuek adierazi zuenez, «EAE herriak dituen beharrei aurre egin beharrean, aurreko agintaldian EAJk egindako lana kritikatzen aritu da». Dena den, EAErekin negoziatzeko ateak irekita dituztela azaldu zuen.
Aurrekontua aztergai
Aurtengo udal aurrekontua aztertu aurretik, UnanuekEAEk gutxiengoan agintzen duela nabarmendu zuen. Izan ere, hauteskundeen ondoren ANVk bost zinegotzi ditu, EAJk lau eta EAk, berriz, bi. «Aurrekontuak bost aldeko botorekin eta EAren abstentzioarekin onartu ziren. Abstentzioa aktiboa izan zen, gainera». Hau da, Unanueren esanetan, EAk aurrekontuak oro har onartzen zituen, baina eurei garrantzitsuak iruditzen zitzaizkien zenbait punturi eskatzen zuten garrantzia ematen ez zitzaienez, abstenitu egin ziren.
Unanuek adierazi zuenez, «udal aurrekontuari ezezkoa emateko arrazoi nagusiak bi izan ziren. Alde batetik, hori egiterako orduan udal gobernu taldeak ez zigun iritzirik eskatu; beraz, ez da alderdi guztiek adostutako herrigintza proiektu bateratua. Eta bestetik, zenbait punturi dagokionez, ez gaude eman ziren partidekin ados».
Bestetik, EAJ alderdiko kideek argi utzi nahi izan zuten «oposizio eraikitzailea eta arduraz betetakoa» egiten dutela: «Guk ez dugu ezezkoa Udal Gobernuari kontra egiteagatik ematen, gure arrazoiak eta proposamenak baditugula argi azaldu nahi dugu». Gainera, proiektu asko egin daitezkeen arren, azkenean muga dirua dela adierazi zuten: «Horrekin arduraz jokatu behar da».
Unanuek adierazi zuenez, EAJk proposatzen duen aurrekontuarekin, «Udalaren zorra 120.000 euro gutxiagokoa izango litzateke. 2008ko aurrekontua kontuan hartuta Zestoako Udalak 370.000 euroko zorra izango luke gaur egun». Unanuek azaldu zuenez, aurrekontuaren arabera, udal gobernuak aurreko agintaldietan aurreztuta zegoen dirua gastatu eta kreditu berria eskatu beharko du».
Etxebizitza politika
Etxebizitza politika izan zen prentsaurrekoan jorratu zen gai nagusienetako bat. Gorka Unanueren esanetan, «aurreko agintaldietan zehar, etxebizitza politikari zegokionez ez genuela ezer egiten entzun beharra izan genuen, etxebizitza tasatuen ordenantza proiektua landu genuenean». EAJren dioenez, urtebete igaro ondoren, hori ez da onartu. «EAEk ez du gai honen inguruan proposamenik egin, gaia jorratzeko gogorik ez baitu». EAJren ustez, etxebizitza politika «serioa» egiteko Arau Ordezkatzaileak aztertu eta aldatu behar dira. «Orain dugun arautegia 1996an onartutakoa denez, aldatu egin behar da. Egoera horren aurrean, Arau Ordezkatzaileak aldatzeko 60.000 euroko partida proposatzen genuen guk. Aurrekontuaren arabera, berriz, 6.000 euro soilik jasoko dira».
Bestalde, etxebizitza politikari dagokion partida 40.000 eurokoa izatea proposatzen zuen EAJk. «Alokairua sustatzea zen gure helburua, maizterrei eta etxe jabeei diru laguntza zuzenak ematea». Aurrekontuan, berriz, 20.000 eurotako partida agertzen bada ere, diru hori zertarako erabiliko den ez dakitela salatu du EAJ alderdiak.
Turismo plangintzaren faltan
Turismoa aztergai hartuta, EAJk eurentzat helburu nagusia Ekaingo erreplika dela azaldu zuen. «Turismoa herriarentzat ona dela uste dugu eta, horregatik, Ekainen inguruan apustu sendoa egin behar dela iruditzen zaigu».
Unanuek adierazi zuenez, urte honetan zehar, «aurrera egin beharrean atzera egin da». «Lehen turismo aholkulari bat zuen Udalak eta honek Zestoan turismoa sustatzeko plangintza bat egin zuen». Erreplika irekitzear denean, ordea, aholkularirik ez dagoela eta urtean zehar ez dela ezer egin salatu zuen Zestoako alkate ohiak. «Ez dago herriko liburuxka berririk; ez dago bisitariak herrian geratu, denbora gehiago igaro eta turismoak eragin ekonomiko eta soziala izan dezan erreplikaren osagarri izan daitekeen elementurik».
Bestetik, Portaleko etxean eraikitzen ari diren Turismo Bulegoa txikiegia dela uste dute. Aurreikuspenen arabera, urtean 100.000 pertsona etorriko dira Ekaingo erreplika ikustera, « baina ba al du Zestoako herriak, 32 metro koadroko Turismo Bulegoa izanik, turismoari erantzuna emateko gaitasunik?». Euren ustez erantzuna ezezkoa da.
Egoera horren aurreran, Zestoako EAJk turismoaren plan estrategikoa egiteko eskatzen du, euren iritziz ez baita nahikoa Ekaingo erreplika irekitzearekin. «Testuinguru horretan kokatzen da guk proposatzen dugun interpretazio zentrua, dendarekin eta ikus-entzuneko baliabideekin, besteak beste».
Horren harira, «zer eskaini dezake Zestoak?» galdetu zuten prentsaurrekoan. «Hor dago Altamira, Santillana del Mar-en (Kantabria, Espainia). Agian ezingo dira konparatu, baina Zestoak ere badu bere xarma eta hori sustatzen saiatu behar dugu» esanez amaitu zen turismoaren inguruko balorazioa.
Bi aldetako biktimak
Aurrekontuan biktimei laguntzeko partida bat dago. EAJk, bere aldetik, indarkeriaren biktima guztientzako diru laguntza proposatu zuen, baina prentsaurrekoan adierazi zuenez, aurrekontuko partida hori euskal presoentzat da soilik. EAJren iritziz, «Zestoan biktima mota asko dago, bai batekoak bai bestekoak. Gure ustez denak dira biktimak, eta hori kontuan hartzea gustatuko litzaiguke».
Horren harira, azken urte honetako balantzea izanik, amabirjinetan eta santakutzetan gertatu dena salatu zuten. «Jaietan plaza eta udaletxea apainduta izan ditugu, herriko plazan ETAren aldeko bi pankarta erraldoi, herriko tabernetan eranskailuak eta pintadak kaleetan. Eta horren aurrean, Udal Gobernuak ez zuen ezer esan».
Jaiak bukatu ondoren, EAJ alderdiak idatzi bat aurkeztu zuen udaletxean, «adierazpen askatasuna bermatzeko»: «Bertan, panel erraldoi batzuk jartzea proposatu genuen, horrela pintadak ahal den azkarren kendu ahal izateko». Udalaren partetik ez dutela erantzunik jaso adierazi zuten.
Azpikontratak
EAJren iritziz, orain arte ezker abertzalea enpresa azpikrontratak hartzearen aurka azaldu da Udaleko bozketa guztietan. «Orain, berriz, eurak dira bi azpikontrata mantentzen dituztenak. Orain arte, langileen aukako enpresak zirela, langileei gutxiago ordaintzen zietela eta zerbitzuaren kalitatea okerragoa zela esaten zutenean», diote.
Aipatu zutenez, «orain dela bost urte inguru , kale garbiketa zerbitzua egiteko udalaz kanpoko enpresa bat hartzeko proposamena egin zenean, horren aurka azaldu ziren. Orain, berriz, eurak izan dira proposamena egin dutenak» gehitu dute. «Garbiketa enpresa beste bi urterako kontratatu baitute ,lotsarik gabe».
Balorazioa
EAE udal gobernuan izan den lehen urte honen balorazio moduan, EAJk hurrengoa adierazi zuen. «Gure ustez, urtebete honetan EAEk benetan herriak dituen beharrei aurre egin beharrean, denbora gehiago pasatu du aurreko agintalditik jaso duen herentzia kritikatzen eta zilegitasuna kentzen, akatsak non egon daitezkeen bilatu edota lehen ondo egindakoa euren onurarako eranbiltzen baino».
EAJk hemendik aurrera aurrekontua alderdi guztien artean negoziatzea nahi du.
############
aurrekontua eta eaj-ren proposamena
Kiroldegia 150.000 euro. EAJk 300.000 euro.
Etxebizitza politika 20.000 euro. EAJk 40.000 euro
Arau ordezkatzaileak 6.000 euro. EAJk 60.000 euro.
Kooperazioa 13.000 euro. EAJk 30.000 euro.
Zubiaurre ingurua 0 euro. EAJk 20.000 euro
Eliz ondo zinema 0 euro. EAJk 12.000 euro.
############
Irteera
Parrokiara bisita gidatua
UROLA-KOSTA, Parrokia - 2008-08-29
Irteera
Parrokiara bisita gidatua
AZPEITIA, Parrokia - 2008-08-29
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.