Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Zestoa
2008ko abenduak 2, Asteartea

;2008-06-25;'Zipristintxoek' festa giroan amaitu dute ikasturtea. Kultura Joan den ikasturtean ´lan txukunağ egin dutela adierazi dute Zipristin Aisialdi Taldeko kideek

'Zipristintxoek' festa giroan amaitu dute ikasturtea

Kultura Joan den ikasturtean «lan txukuna» egin dutela adierazi dute Zipristin Aisialdi Taldeko kideek

aiora larrañaga

Eskolan ikasturtea bukatu den bezala, astelehen arratsaldean Zipristin Aisialdi Taldeak ere ikasturte amaierako jaialdia antolatu zuen herriko haurrentzat. «Zipristin taldeko begiraleek ere atsedena behar dugu, lan gogorra egin baitugu ikasturtean zehar», azaldu zieten begiraleek haurrei. Hala ere, agur berezia izan zen astelehenekoa, antzerkia eta meriendaz gozatzeko aukera izan baitzuten bertan izan ziren haurrek.

Egun batez aktore

Bestalde, Printzearen zain izeneko emanaldia egin zuten haurrek. Zipristineko begiraleek adierazi dutenez, «lan bikaina egin dute zipristintxoek. Ez da agertokira irteten diren lehen aldia, baina oraingoan inprobisatu egin dute».

Ekitaldiaren ondoren begiraleek eta haurrek merienda egin zuten. «Ikasturteari amaiera polita eman diogu, denak oso gustura geratu baitira emaitzarekin».

Zipristin 2 urtez bizi-bizirik

Aurtengoa Zipristin Aisialdi Taldek lan egin duen 2. ikasturtea izan da eta, kideek adierazi dutenez, «aurreko ikasturtea baino gehiago landu dugu aurtengoa. Lehenengoan denok hasiberriak ginenez, esperimentalagoa izan zen. Bigarren honetan, berriz, lokala hasieratik prest geneukan eta guk ere gehiago genekien. Beraz, urteko plangintza egin genuen irailean eta hilabetez hilabete hura lantzen joan gara». Oro har, aurreko ikasturtean baino lan txukunagoa egin dutela azaldu dute Zipristineko kideek.

Haurrak gustura

Zestoako txikienak ostiralero-ostiralero gustura aritzen dira Zipristin Taldeak antolatutako jarduerak egiten, eta begiraleek izango dute haurrak gustura izateko sekreturik. «Egia esan, Zestoan herriko jaietarako antolatzen ziren ekitaldiez gain, Zipristin sortu genuen arte, umeen aisialdiari begira ez zen ezer antolatzen. Beraz, gure sekretu bakarra, euren gustuko jarduerak antolatzea da» adierazi dute.

Hala ere, diotenez ez da beti erraza izaten asmatzea: «Askotan euren tokian jarri behar izaten dugu gustuko dituzten ekitaldiak antolatzeko. Urte hasierako plangintza egitarakoan, 'adin horretan zer egitea gustatzen zitzaigun?' galdetzen diogu geure buruari. Eta askotan ez dugu asmatzen, urteak joan ahala haurren gustuak ere aldatzen ari baitira».

Hurrengo urteari begira

Joan den ikasturterako egin zuten planifikazioa egingo dute datorren ikasturte hasieran. «Aurten ikasturtean zehar egin ditugun jarduerak gai nagusien inguruan sortu ditugu; musika, berdintasuna, ingurumena eta beste hainbeste jorratu ditugu jolasen bidez». Azken hilabetea, adibidez, artisten hilabetea izan da eta horregatik bukatu dute ikasturtea antzerkia eginez.

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.