
2008-02-01 | 12:07:21
Udala
'Portalekoa' eraikinean, liburutegia eta turismo bulegoa eraikitzeko proposamena onartu zuten atzoko udalbatzarrean
Puntu honetaz gain, torturaren aurkako mozioa ere onartu zuten.
Atzo, Zestoan egindako ohiko udalbatzarrean, 'Portalekoa' eraikinean, goiko bi lokaletan liburutegia eta turismo bulegoa egiteko proposamena onartu zuten. Eraikineko lanak hasita daude. Azpiko lokala erabilera anitzeko areto bat egiteko erabiliko da. Hala ere, zertarako erabiliko den oraindik ez dago zehaztuta. Oraindik ñabardura batzuek falta diren arren, proiektua abian dago. Udalak (EAE-ANV) aurkeztutako proposamen honekin EA ados azaldu zen. EAJ-PNV-k aldiz, bere desadostasuna azaldu zuen, nahiz eta puntu batzuetan ados egon. EAJ-ren ustez, turismo bulegoa egin nahi den tokia oso txikia da (37 metro karratu), eta Ekaingo erreplika amaitzear dagoenez, "herrian turismoa indartuko dela" uste dute. Honenbestez, turismo bulegoak handiagoa izan beharko luke beraien ustez. Liburutegia beste eraikin batean egitekoaren aldekoak dira.
Atzoko ohiko udalbatzarrean puntu gehiago ere eztabaidatu ziren. EAE-k aurkeztutako torturaren aurkako mozioa onartua izan zen; mozio horretan, "Igor Portu eta Mattin Sarasolak jasandako tortura larriak" salatzen ziren. Horretaz gain, "1978 urteaz geroztik, poliziaren eskuetan 7000 euskal herritar baino gehiago izan direla torturatuak" gogoratu eta tortura irmoki salatzen zen.
EAJ-k aldeko botoa eman zuen, nahiz eta matizazio txiki batzuek egin; beraien ustez, mozio honetan "salatu" hitza behin eta berriz erabiltzen du EAE-k, baina ETA-k norbait erailtzen duenean, edo Batzokiak erasotzen dituztenean, "ez dutela salatzen" adierazi zuen EAJ-k.
EA abstenitu egin zen; mozioa bi egun lehenago aurkeztu zietela argudiatu zuen. Aipatzen ziren puntu gehienekin ados egon arren, gauzak eztabaidatzeko "egun gehiago behar direla" arrazoitu zuten.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Zestoan atzo egin zen ohiko udalbatzarra
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.